Otsailaren 3an, Trapagarango Itxaropena eta Portugaleteko Asti Leku ikastolek 2021-2022 ikasturtetik aurrera indarrean egongo den atxikitze akordioa sinatu zuten.

Eusko Jaurlaritzak otsailaren 16an berretsitako atxikipen horren ondorioz, Itxaropena Ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek lehentasuna izango dute Asti Leku Ikastolako Batxilergora sartzeko, eta etapa horretan onartuko direla bermatuko da, plaza nahikorik baldin badago.

Eskolatzeari eta koordinazio pedagogikoari dagokienez, ikasleei Batxilergora igo eta ikastetxez aldatzen direnean jarraipena emate aldera, gurasoei segurtasuna emango dien hezkuntza-ibilbidea bateratuko da.

“Bi ikastolek antolaketa-eredua, proiektu pedagogikoa, metodologiak eta hezkuntza-filosofia partekatzen ditugu, bai eta elkarlan hurbileko urteak ere, eta horrek ahalbidetu du orain sinatutako akordioa, zeinak bi ikastetxeen arteko lankidetzarako aukera berriak irekitzen dituen zenbait arlotan (pedagogia-, nazioarteko truke-, kudeaketa- eta antolaketa-arloetan, besteak beste). Interes komuneko eta guztientzat onuragarriak diren nitxoak aurkitzea da helburua”, azaldu dute Jose Luis Elorza eta Jesus Bilbaok, Itxaropena eta Asti Leku ikastoletako zuzendariek.

Akordioa, gainera, onuragarria da bi zentroentzat; izan ere, Itxaropenako ikasleek erabateko lehentasuna lortzen dute Asti Lekuko batxilergoan plaza izateko baremazioan, eta horrek, aldi berean, ikasle-fluxu egonkorra bermatzen dio Asti Leku ikastolari.

“Gure ikasleek 2021-2022 ikasturterako batxilergorako sarbide errazagoa izan dezaten, Itxaropena eta Asti Leku atxikitzea lehen urrats garrantzitsua da, eta abiapuntu egokia izan daiteke etorkizunean lankidetza berriak izateko”, adierazi du Jose Luis Elorza Itxaropena ikastolako zuzendariak.