Itxaropena Ikastola

Agenda 2030

2015eko irailaren 25ean, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda. Ekintza-plan unibertsal, integral eta eraldatzaile bat da, helburutzat duena giza garapena bultzatzea gizarte, ekonomia eta ingurumenaren alorretan. Garapen iraunkorrerako 17 helburuek, 169 helmugek eta 232 adierazlek izaera integratua eta zatiezina dute, eta jasangarritasunaren dimentsio guztiak hartzen dituzte barnean.

Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu du 2030 Agendan ezarritako erronka, Euskadi Basque Country 2030 Agenda finkatuta. Gobernuaren programaren eta garapen jasangarriarekin loturiko helburuen arteko lerrokatze eta ekarpen maila islatzen du honek.

Halaber, euskal gizarte justuagoa eta jasangarriagoa lortzeko helburuarekin, 2030erako Jasangarritasunerako Hezkuntza Estrategiak hezkuntza eraldatzaile bat garatzeko zimenduak ezartzen ditu. Estrategia horren xedea elkarlanean oinarritzea da. Eragile guztiei lekua emango die, elkarrekintzan aritu daitezen, helburu argi batekin: Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztien arteko konplizitatea lortzea, gure bizimodutik kultura berri bateranzko trantsizioa lortzeko.

Honekin batera, Heziberri 2020 Plana-ren, 4. artikuluak, Oinarrizko Hezkuntzaren Xedeak izenburua duenak, c atalean horrela dio: ikasleak helduarorako eta bizitza oso baterako prestatzea, gizabanako diren aldetik; bizikidetza harmoniatsua garatzearekin eta gizarte justu eta zuzenago bat eraikitzearekin konprometituak; eta natura zaintzearekin eta garapen jasangarriarekin konprometituak.

Euskadi Basque Country 2030 Agendan oinarrituta, Eskolako Agenda 2030 (EA2030) ingurumen-hezkuntza proiektua garapen iraunkorrerako helburuetan (GIH) oinarritzen da eta ikastetxeko eta tokiko ekintza eraldatzaileak sustatzen ditu.

Hauek dira 17 helburuak:

  1. Pobrezia mota guztiak desagertzea mundu osoan.
  2. Gosea amaitzea, elikagai-segurtasun eta elikadura hobea lortzea, eta nekazaritza jasangarria bultzatzea.
  3. Guztiontzat eta adin guztietan bizimodu osasungarria bermatzea eta ongizatea sustatzea.
  4. Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea.
  5. Genero-berdintasuna lortzea eta emakume nahiz neskato guztiak ahalduntzea.
  6. Uraren erabilgarritasuna eta kudeaketa jasangarria nahiz guztiontzako saneamendua bermatzea.
  7. Energia eskuragarria, fidagarria, jasangarria eta modernoa bermatzea guztiontzat.
  8. Guztiontzako hazkunde ekonomiko jarraitua, inklusiboa eta jasangarria, enplegu vetea eta produktiboa nahiz lan duina sustatzea.
  9. Azpiegitura erresilienteak eraikitzea, industrializazio inklusiboa eta jasangarria bultzatzea, eta berrikuntza sustatzea.
  10. Herrialde bakoitzean eta herrialdeen artean desberdintasunak murriztea.
  11. Hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izatea lortzea.
  12. Kontsumo eta ekoizpen modalitate jasangarriak bermatzea.
  13. Neurri urgenteak hartzea klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurka egiteko (Aintzat hartuta Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmena klima aldaketari mundu mailan erantzuteko gobernuen arteko eta nazioarteko foroa nagusia dela).
  14. Ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak mantentzea eta modu jasangarrirean erabiltzea garapen jasangarriari begira.
  15. Lehorreko bizitza babestea, lehengoratzea eta modu jasangarrian erabili dadila sustatzea, basoak modu jasangarrian kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa inbertitzea eta biodibertsitatearen galera gelditzea.
  16. Garapen jasangarrirako gizarte baketsuak eta inklusiboak sustatzea, guztioi justiziarako sarbidea erraztea, eta erakunde eraginkorrak eta inklusiboak sortzea maila guztietan.
  17. Ezarpen-baliabideak sendotzea eta Garapen Jasangarrirako Munduko Ituna biziberritzea