Garai zail hauek bizita ere, 2021eko Ibilaldiak aurrera jarraitzen du aurreikusita zegoen bezala, maiatzaren 30an ospatzeko helburuarekin, hain zuzen ere. Covid-19aren konplikazioak ikusita, ezin izango da garai bateko ekitaldi jendetsua izan, baina Sopelako eta Leioako Ikastolak hainbat jarduera prestatzen ari dira hura ordeztu eta ospakizunarekin jarraitu ahal izateko.

Gure aldetik, Itxaropena Ikastolatik, lankidetza aurreko urtetan bezala egingo dugu. Euskal Herriko ikastola guztiak biltzen dituen TANTA proiektuaren bidez egingo da. TANTA Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuarekiko elkartasun adierazpena da, herritarrek ikastolen proiektuaren alde egindako ekarpen ekonomikoaren bidez gauzatzen dena. Urtero bezala, txartel solidario batzuk bidaliko dizkizuegu eta txartel horiek sortutako diru-sarrera guztiak ikastola antolatzaileen proiekturako izango dira.

Gogoratu, 2012an Itxaropena Ikastolak Ibilaldia egin zuenean, proiektu honen bidez ere jaso genuela guztien babesa. Aldi berean, gogoratu Covidak eragindako murrizketak direla eta, Ikastolen ekimen asko bertan behera utzi behar izan direla, horrek eragin duen galera ekonomiko, kultural eta sozialarekin.