Ausolanek, Basque Team Fundazioarekin lankidetzan, Aktiba zaitez kanpaina diseinatu du, jantoki orduetan bizi estilo osasungarria eta txikitatik ariketa egitea sustatzeko helburuarekin.

Aktiba zaitez kanpaina hiruileko honetan zehar burutuko da, eguerdian bazkaltzeko izaten duten denbora aprobetxatuz. Kanpainak, hain zuzen, ikastetxeetan eguerdiarekin lotutako espazioak dinamizatzea, ingurumenarekiko ohitura osasungarriak eta arduratsuak sustatzea eta hainbat kirol egiteko joera bultzatzea du helburu.

Hiru euskal kirolarien eskutik −Leticia Canales (surflaria), Odei Jainaga (xabalina jaurtilaria) eta Maialen Chourraut (eslalom piraguista)−, datozen hilabeteetan, hainbat jarduera eta erronka gauzatuko dira, bazkaldu aurretik edo ondoren.

Jarduera eta ariketa horiei esker, ikasleei jakinarazi nahi zaie oso garrantzitsua dela elikadura osasungarria izatea eta kirola egunerokotasunez egitea. Kanpaina apirilaren 12an hasiko da, astelehena, Basque Team Fundazioaren abestiarekin eta koreografiarekin. Jantokiko monitoreekin elkarlanean, gure ikasleek prestatuko dute dantza eta nahi dutenek izena emango dute haiekin batera koreografia betetzeko.

Grabaketa egingo dugu zuekin ere partekatzeko, baina bideoaren helburu nagusia 2021eko Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten euskal kirolariak animatzea da.

Azkenik, esan behar da ekimen hau Garapen Iraunkorrerako hiru helbururi lotuta dagoela: Itsaspeko Bizitza, Zero gosea eta Ur garbia eta saneamendua. Kirolari bakoitzak bere esperientzia azalduko die ikasleei hitzalditxo baten bidez, eta esperientzia bakoitza hauetako puntu batekin zerikusia izango du.

Aurrerago, herri kirolekin lotuko dugu kanpaina hau Ikastolan, eta jantokiko orduetan ginkanak prestatuko ditugu ikasleek kirolaz eta mugimenduaz gozatzen jarrai dezaten. Honen berri ere aurrerago emango dizuegu eta grabatutako ekintzak luzatuko dizkizuegu.