2020an egoera berezia dugu esku artean, baina horrek ez du geldituko Euskaraldiaren proiektua eta bueltan izango dugu azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean.

 

Zertan datza Euskaraldia?


 

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.

Euskaraldia ondoko helburuekin sortu da:

  • Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko
  • Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea
  • Inertziak apurtzea
  • Gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea
  • Gizarte aktibazioa, ariketa kolektibo baten bidez
  • Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea
  • Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea

 

Nola eman dezaket izena?


Izena emateko Euskaraldiaren webgunera jo eta bertan zure datuak bete behar izango dituzu. Erabaki Ahobizi edo Belarriprest izan nahi duzun:

  • AHOBIZI: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo duzu uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakizunean lehen hitzak, beti, euskaraz egingo dituzu; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraituko duzu. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eutsiko diozu kideek ulertzen dutenean. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da.
  • BELARRIPREST: Zure gaitasun eta aukeren arabera erabakiko duzu euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez duzu euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek zuri uneoro euskaraz hitz egitea nahiko duzu; eta horixe eskatuko diezu modu esplizituan.