Urriaren amaierara hurbiltzen ari gara, eta aukera aprobetxatu nahi dugu aurten, Ikastolan, Gau Beltza ospatuko dugula gogorarazteko.
Zer da Gau Beltza?
Gau Beltza Euskal Herrian aspaldiko sustraiak dituen ospakizuna da eta urriaren 31n ospatzen da, urteko gau ilunena eta izpiritualena izanik. Garai batean, uzta amaiera eta urte berriaren hasiera ospatzen ziren gau honetan. Izpirituak, sorginak eta gau iluneko izakiak protagonista bihurtzen ziren, eta tradizioan sinesten zuten herritarrek haiei ongietorria egiten zieten, baita babesteko ekintzak ere burutzen zituzten.
Gau Beltza Europako beste leku batzuetako antzeko tradizioekin lotuta dago, adibidez, Samhain Irlandan edo Halloween AEBetan, baina gurean bertako kulturari lotutako izaera propioa du.
Nola ospatu izan da Euskal Herrian?
Historikoki, Gau Beltzak heriotzaren eta bizitzaren arteko muga adierazten zuen. Euskal Herriko hainbat herritan, kalabazak eta bestelako fruituak hustu eta argiak pizten zituzten barruan, izpirituak uxatzeko. Herrietako kaleetan sorginen edo izpiritu gaiztoen aurkako errituak egiten ziren, eta bizilagunek janari eskaintzak egiten zizkieten izpiritu horiei bakean utz zitzaten.
Gau Beltza une garrantzitsua zen urteko zikloaren amaiera adierazteko, eta negua heltzeko prestatzeko. Euskal kondairetan, sorginak, laminak eta intxixuak bezalako pertsonaiak iluntasunean ibiltzen ziren, eta horregatik, herritarrek babes neurriak hartzen zituzten, esate baterako, sua piztuz edo ateetan edo leihoetan ikur magikoak jarriz. Herri batzuetan ere gau beltzari lotutako kantak eta dantzak egiten ziren, eta suzko ikuskizunak ez ziren falta izaten.
Aurten ikastolan
Aurten, Gau Beltzaren ospakizunean, DBH, LH eta HHko ikasleen artean ekintza bereziak burutuko ditugu. Jarduera hauek gure kulturaren inguruko ezagutza sustatuko dute, eta, gainera, mozorroak, dantzak eta tailerrak izango dira protagonisten artean.
Ospakizunari amaiera emateko, patioan akelarre bat antolatuko dugu, non ikasle guztiek parte hartuko duten giro magikoan, elkarrekin Gau Beltzaren esentzia bizitzeko.
Mozorroak, nola?
Kontuan izan aurten ez dugula ‘Halloween‘ ospatuko, baizik eta Gau Beltza, beraz, saiatu zaitezte mozorro festiboak ekiditen (superheroiak, banpiroak, fantasiazko mozorroak edo oso koloretsuak…), eta saiatu gaitezen Gau Beltzaren tradizioarekin bat egiten. Hona hemen Haur Hezkuntzako familiei bidali zaizkien adibide batzuk: