GURE HEZKUNTZA ESKAINTZA

➜ Haur Hezkuntza

 

Bizipen Proiektua Itxaropena Ikastolako Haur Hezkuntzan garatzen den hezkuntza-proiektua da, eta umea du erdigune. Haurren interesak eta beharrak abiapuntu hartuta, ikaskuntza esperientziaren, jolasaren eta esplorazioaren bidez eraikitzen da, bakoitzaren garapen-erritmoa errespetatuz. Horrela, haurrek bizitzarako beharrezkoak diren konpetentziak modu naturalean garatzen dituzte, jakin-mina, autonomia eta sormena sustatzen dituen ingurune aberats eta motibatzaile batean.

Irakasleen eginkizuna ez da informazioa transmititzea, baizik eta haurren ikaskuntza-prozesuan bidelagun eta gidari izatea, haien interesetatik abiatuta galderak, esperimentazioa eta aurkikuntza sustatuz. Manipulazioa, esperimentazioa eta jolasa dira eguneroko jardunaren oinarriak; horrela, 0-6 urte bitarteko haurrak familia giroan hazten eta ikasten dira ikastolan, balore sozial eta zibikoak landuz eta elkarlana zein harreman osasuntsuak sustatuz.

➜ Lehen Hezkuntza

 

Lehen Hezkuntzako etapan, umeei ardura handiagoa ematen zaie aurretik bereganatutako konpetentziak garatzen jarraitzeko. Kimu eta EKI metodologien bidez, eta beste baliabide pedagogiko batzuekin osatuta, egunero ikasleen jakinmina piztea dugu helburu. Modu honetan, pixkanaka inguruan duten mundua hobeto ulertzen dute, eta gizartean modu autonomo eta arduratsuan moldatzeko behar dituzten tresnak eskuratzen dituzte.

Ikaskuntza prozesuan elkarkidetza eta talde-lana funtsezkoak dira. Horregatik, ikasleek askotan taldeka lan egiteko aukera izaten dute: ideiak partekatzen dituzte, elkarri laguntzen diote eta elkarrekin erabakiak hartzen ikasten dute. Horrela, ez dute soilik eduki akademikoak lantzen, baizik eta bizitzarako ezinbestekoak diren gaitasunak ere garatzen dituzte, hala nola komunikazioa, errespetua, entzute aktiboa eta ardura partekatua.

Ikastolan, gainera, Onki Programaren bidez, elkarbizitza positiboa eta ongizate emozionala lantzen ditugu. Programa honen bidez, ikasleen arteko harreman osasuntsuak sustatzen dira, gatazkak modu eraikitzailean kudeatzen ikasten da eta ikasle bakoitzak taldean duen lekua eta balioa indartzen dira. Helburua da ikastetxean giro segurua, errespetuzkoa eta inklusiboa sortzea, ikasle guztiek ikasteko eta hazteko baldintza egokiak izan ditzaten.

Horrez gain, egunero ordu erdiko irakurketa saioak egiten dira LH1etik aurrera. Jarduera honekin bi helburu nagusi betetzen ditugu: alde batetik, ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzea; eta bestetik, ulermena lantzea. Irakurmen gaitasuna sendotzeak eragin zuzena du gainerako konpetentzien garapenean, eta horrek edozein irakasgai aurrera eramateko oinarri sendoa eskaintzen die.

➜ DBH

 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikasleen ikaskuntza prozesua EKI metodologiaren bidez garatzen da. Metodologia honek konpetentzietan oinarritutako ikaskuntza sustatzen du, ikasleak protagonista bihurtuz eta ezagutzak egoera errealekin lotuz. Proposamen praktikoen, proiektuen eta jarduera esanguratsuen bidez, ikasleek ikasitakoa aplikatzen ikasten dute, pentsamendu kritikoa garatuz eta autonomiaz lan egiteko gaitasuna indartuz.

Aldi berean, teknologia berriek presentzia handia dute eguneroko jardunean. IKT proiektuaren bidez, baliabide digitalak modu egoki, arduratsu eta eraikitzailean erabiltzen ikasten dute ikasleek. Horrela, ordenagailuak, proiektoreak eta bestelako tresna digitalak ikaskuntzaren parte bihurtzen dira, informazioa bilatzeko, sortzeko eta partekatzeko aukera berriak eskainiz.

Lehen Hezkuntzan hasitako lankidetza eta talde-lanaren kultura DBHn ere sendotzen jarraitzen da. Ikasleek elkarlanean jarduteko, ideiak partekatzeko eta elkarrekin erronkak gainditzeko aukerak izaten dituzte, talde espiritua indartuz eta elkarrenganako errespetua landuz. Aldi berean, etapa honetan ikasle bakoitzaren garapen pertsonala ere zaintzen dugu, bakoitzak bere nortasuna eraiki eta bere gaitasunak garatzeko bidea egin dezan.

Bestalde, Onki Programaren bidez, elkarbizitza positiboa eta ongizate emozionala lantzen dira. Programa honek ikasleen arteko harreman osasuntsuak sustatzen ditu, gatazkak modu eraikitzailean kudeatzen ikasteko tresnak eskainiz eta ikastetxean giro segurua eta errespetuzkoa sendotuz. Horrela, ikasleek komunitate bateko kide izaten ikasten dute, besteekin bizitzen eta lankidetzan aritzen.

DBH etapa berebizikoa da gazteek gizartearekin harremanean jartzen ikasteko. Haien pentsamenduak, ideiak eta balioak garatzen dituzten bitartean, munduaren parte aktibo izaten ikasten dute, errespetuz eta arduraz. Helburua da ikasle bakoitzak bere ekarpena egin dezakeela ulertzea, bere harri koskorra gizarteari eskainiz.