Aste honetan gure LHko irakasle bat eta koordinatzailea Oporton izan dira, Agrupamento de Escolas de Canelas ikastetxean bisita egiten. Egonaldia gure Ikastola parte hartzen ari den Erasmus+ proiektuaren baitan antolatu da, eta zehazki job shadowing ekintza baten barruan gauzatu da.

Ekimen honen helburua beste ikastetxe bateko eguneroko jarduna bertatik bertara ezagutzea da: irakasleen lana behatzea, metodologia didaktikoak ikustea eta hezkuntza-antolaketa nola garatzen duten ulertzea. Aldi berean, gure Ikastolako esperientziak eta lan-ildoak partekatzeko aukera ere izan dute.

Bisitan zehar, Agrupamento de Escolas de Canelas-eko instalazioak ezagutzeko aukera izan dute, baita bertako irakasle eta zuzendaritza-taldearekin elkartzekoa ere. Topaketa horietan hainbat gai landu dituzte, besteak beste, ikasleen parte-hartzea sustatzeko moduak, gelako metodologia aktiboak eta ikastetxearen eguneroko antolaketa.

Halaber, gure Ikastolako proiektua aurkezteko aukera ere izan dute, gure hezkuntza-ereduaren oinarriak azalduz eta euskararen, komunitatearen eta elkarlanaren garrantzia azpimarratuz. Horrelako trukeek ikuspegi berriak ekartzen dituzte eta hezkuntza-praktikak aberasteko aukera ematen dute.

Esperientzia oso aberasgarria izan da, bai maila profesionalean bai pertsonalean. Erasmus+ programak eskaintzen dituen mugikortasun aukerei esker, hezkuntza komunitateen arteko lankidetza sendotu eta nazioarteko ikuspegia indartzen jarraitzen dugu.

Ikastolan beti gaude prest gure esperientziak partekatzeko, gure proiektua zabaltzeko eta besteengandik ikasten jarraitzeko.